Bultz-Lanek berea egiten du Emakunderen “Erabakitzen dudana izango naiz” kanpaina

Datorren martxoaren 8a dela eta, emakumearen nazioarteko eguna, Emakundek “Erabakitzen dudana izango naiz” kanpaina martxan jarri du, Garapen Iraunkorrerako Helburuen (GIH) 5. Xedean oinarrituta dagoena, “Emakume eta nesken ahalduntzea eta genero berdintasuna”, konkretuki 5,5 puntuan: “Emakumeen parte‐hartze osoa eta eraginkorra ziurtatzea, baita lidergoko aukera‐berdintasuna ere, bizitza politikoko, ekonomikoko eta publikoko maila erabakitzaile guztietan”.

“Erabakitzen dudana izango naiz” lelopean egin den Emakunderen kanpainaren protagonistak lau neska gazte dira. Hauek historian zehar erreferenteak izan diren emakumeen irudiekin batera agertzen dira, hala nola, Marie Curie zientzilaria, Clara Campoamor idazle eta politikoa, Frida Kahlo margolaria eta Maria Antonia Uzcudun erraketista. Beraien irudiek erreferenteak izatearen beharraz hitz egiten digute, eta beraz, hurrengo belaunaldietarako eredu bilakatu daitezen, emakumeak ikusgarri egin eta aintzat hartzeko beharraz.

Bultz-lanetik ekimen honetara batzen gara emakumeen enpresak, hauen autonomia, eta parte-hartzea sustatuz, eta erreferente diren emakume enpresari arrakastatsuak ikusgarri egitearen beharra babestuz.