EKITEA: ENPRESAK SORTZEA

Pentsatu al duzu inoiz enpresa bat sortzea? Ez al dakizu nondik hasi? Saiatzeko beldur al zara? ….. Eman lehen pausoa! Guk lagunduko dizugu aztertzen ea zure negozio-ideiak aukerarik ote duen jarduera ekonomikoki errentagarria bilakatzeko.

Ekintzailea

Lehenik eta behin, gauzak argi:

Negozio-ideiatik enpresa sortzera igarotzeko bidea luzea da eta arriskuak onartu beharko dituzu. Horregatik, garrantzitsua da benetan prest al zauden baloratzeko denbora hartzea. Hausnartzeko unea da!

Nondik hasiko naiz?

Zure negozio-ideiaren baliagarritasuna aztertzen hasteko modu ona da enpresak sortzeari buruzko gure lantegietan eta ikastaroetan izena ematea, egiteko hori zertan datzan jakite aldera.

Ideiatik enpresara

Negozio-ideia bat eta negozio errentagarri bat gauza bera al dira?

Ideiak ugariak dira. Ideia bat negozio errentagarri bilaka dadin, norbaitek zure produktua edo zerbitzua zuk proposatutako prezioan eta horretatik bizimodua aurrera ateratzeko kantitate nahikoan erosteko asmoa izan behar du. Hau da, saltzen duzun ideiak edo produktuak zure etorkizuneko bezeroa gogobete behar du, nahikoa merkatu izan behar du eta dirua irabazteko aukera eman.

Eta nola jakin dezaket nire negozioak aurrera egingo ote duen?

Hainbat alderdi aztertu behar dira:

        • Bideragarritasun teknikoa: Ba al duzu esperientziarik jarduera horretan?
        • Merkataritza-bideragarritasuna: Ba al dakizu zure bezeroak nortzuk izan daitezkeen, non dauden, zer atsegin duten, zer, nori eta zergatik erosten duten?
        • Bideragarritasun ekonomikoa: Zeintzuk izango dira zure enpresaren gastuak? Ba al dakizu zenbat saldu behar duzun gutxienez gastu horiek berdintzeko? Eta salmenta horiek nola lortu?
        • Finantza-bideragarritasuna: Zein kostu dute zure negozioa abian jartzeko instalazioek? Dirurik ba al duzu? Finantzaketa behar al duzu?


Galderaren bati erantzutea zaila bazaizu, ez kezkatu, dei iezaguzu, pozik bideratuko zaitugu eta zure enpresa-proiektua aztertzen lagunduko dizugu.

Zergatik behar dut NEGOZIO PLAN bat?

Negozio-planak funtsezko alderdiak aztertzen lagunduko dizu, eta zure ideiak aurrera egin dezakeen eta zergatik ebaluatzeko aukera emango dizu. Negozio-aukera berriak antzemateko tresna gisa ez ezik, laborategiko proba gisa ere baliagarria da, aurrean izango dituzun arriskuak identifikatzeko. Azken batean, enpresaren etorkizuna simulatzeko eta erabaki zuzenak hartzeko balio du.

Negozio-plan errealista egitea sarritan zaila da, eta horregatik, zurekin batera eginez lagunduko dizugu.

Bultz-Lanen etengabe antolatzen ditugu enpresak sortzearen inguruko lantegi praktikoak eta ikastaroak. Ekintzaileei oinarrizko prestakuntza eta, batez ere, praktikoa eskaintzen diegu, beren negozio-ideiari buruz hausnar dezaten eta azter dezaten komenigarria ote den ideia hori lantzen jarraitzea. Gainera, ekintzaileen arteko harremanari esker, landutako negozio-ideia bakoitzaren ikuspegiak hobetu daitezke.

Ekintzaileen arazo nagusietako bat enpresa abian jartzeko finantzaketa da. Hori lortzeko, zure negozioaren bideragarritasuna defenditu beharko duzu finantza-erakundeen, inbertitzaileen edo bestelako erakundeen aurrean (enpresak sortzeko laguntzak ematen dituzten horien aurrean, adibidez).

Bultz-Lanen finantzaketa bilatzeko modu egokiena erabakitzen lagunduko dizugu, eta banku-finantzaketa lortzeko hitzarmen bereziak ditugu, besteak beste, Laboral Kutxaren Gaztenpresa Fundazioarekin, zeinarekin 20 urte baino gehiagoz ari garen elkarlanean.

Badira diru-laguntzak zure enpresa martxan jartzen edo aurrera eramaten laguntzeko, baina horietako bakoitzak bere xedea, betebeharrak eta izapideak ditu. Halaber, kontuan hartzekoa da diru-laguntzak horixe direla, laguntzak, baina negozioak berak bere kabuz eutsi behar diola.

Zure diru-laguntzak kudea ditzakegu

Bultz-Lan hainbat erakunderekin harremanetan dago etengabe, ekintzaileentzat dauden diru-laguntzak modu eraginkorrenean izapidetzeko. Estatu mailako bestelako laguntzez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako tokiko gobernuek argitaratzen dituzten ekintzaileentzako laguntza guztien jakinaren gainean gaude, laguntza horien izapideak ahalik eta modurik eraginkorrenean arintzeko.

Enpresa berri bat sortu eta abian jartzeko administrazio-izapideak korapilatsuak izaten dira ekintzaile izatea erabakitzen dutenentzat. Bultz-Laneko zerga, lan eta merkataritza arloko aholkularitza-departamentuak aholku emango dizu ibilbide osoan zehar, izapideon kudeaketan lagunduko dizu edo, nahi baduzu, zure ordez egingo ditu. Lehen unetik zubi-lanak egiten ditugu ekintzaileen eta inplikatutako erakundeen artean, gure lurraldean ekiteko bidea errazteko, eta izan ditzakezun zalantzak argitzen ditugu.
Enpresaburuek egunean izan behar dituzte zerga- eta lan-betebeharrak, ezusteko desatseginik ez izateko. Bultz-Lanen ongi ulertzen dugu zein garrantzitsua den ekintzailetzaren alderdi hori ongi kudeatzea, enpresaren bideragarritasunari begira. Ekintzaileek zergei buruzko eta negozioaren betebehar sozial eta kontabilitatekoen inguruko oinarrizko alderdiak ezagutu behar dituzte, eta horien gainean egoki aholkatuta eta informatuta egon behar dute, zeregin horiek aholkularitza-enpresa baten esku utzi badituzte ere.

Negozio bat abian jartzea prozesu gogorra eta zaila da. Hori lortu ondoren, egindako lan handiaren fruitua finkatzeko garaia da. Horregatik, honako hauek eskaintzen dizkizugu:

  1. Enpresa txikien beharretara egokitutako prestakuntza praktikoko lantegiak eta mintegiak.
    2. Aholkularitza espezializatua mikroenpresentzat.
    3. Mentoringa.

Enpresaburu berriei eguneroko jardunean eta erabakiak hartzeko garaian lagundu nahi diegu. Horrela, aukera izango dute:

  1. Beren ikuspegia eta erabakiak erkatzeko.
    2. Ikuspuntu berriak ezagutzeko.
    3. Enpresekin harremanetan jartzeko, harreman horizontalen zein bertikalen bidez.
    4. Finantza-baliabideez gain, merkataritza-harremanak eta lankidetzak bilatzeko.

Era berean, Gaztenpresa Fundazioarekin eta Youth Business Spain erakundeekin batera, mentoring-programa egituratu bat dugu, gazteek enpresak sortzeko eta beren negozioak hazteko behar dituzten trebetasunak eta gaitasunak sustatu eta garatzeko. Programa hori boluntario gisa diharduten profesionalek eskaintzen dute.

Mentoreen eginkizuna zera da: gazte ekintzaileei erabakiak hartzen laguntzea, baina erantzunak eskaini beharrean galdera kritikoak eginez. Izan ere, horrela, beren hazkunde pertsonala eta beren buruekiko konfiantza bultzatzen da.

Aholkulariak profesional adituak dira, eta enpresa-kudeaketari lotutako prestakuntza eta esperientzia, gazteekin tratatzeko trebetasunak eta enpresa-proiektu baten tutorizazioan doan inplikatzeko beharrezkoak diren borondatea eta denbora dituzte.

Mentoring-programa YBIk garatutako metodologian oinarrituta dago, eta aholkulariak erakarri, hautatu, prestatu eta izendatzea eta aholkularien eta ekintzaileen arteko harremanak monitorizatu, babestu eta ebaluatzea du helburu.

Egi bihurtu zure enpresa proiektua
Bultz-lanekin